XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haurrak ikas zazue

M. Atxaga

Hasi da eskola.

Enbarazorik gehien egiten dutenak bidali ditugu aurrena.

Gurasoentzat ere amaitu baitziren oporrak.

Non eskolan baino hobeto etxean bakerik ematen ez duten edo kalean bakarrik utzi ez daitezkeen umeak?

Geroxeago hasiko dira gauez parranda eta egunez lo egiten duten pertxentak eta kankailuak.

Hasi ere txintxo hasi dira ttikiak agindutako egunean.

Bitan bakarrik atera dira arrastotik: arrazoi osoz, Donostiako Amara Berrikoak; setakeria hutsez, Azpeitikoak.

Udan egin behar zen obrak hasi dira egiten Amara Berri eskolaren ondo-ondoan.

Hor ari dira makinatzar burrunbariak, dena zarata eta lurrikara, auto aparkalekua egiteko lurra zulatzen.

Hori ez da eskola batek behar duen isiltasuna.

Ez dago eskubiderik.

Baina obra gelditzerik ez badago, baldintza txar horietan eskola hasi beste erremediorik ez dute izango, zoritxarrez.

Azpeitikoa beste upel bateko sagardoa da.

Talde batek bere ikastola sortu nahi du.

Ikastola publikotzearen kontra hasi ziren aurrena.

Gehienek publikorako bidea hartu bazuten ere, kooperatibako legeak eskatzen zituen bi herenak osatzen ez zituztelako, auzitara jo zuten pribatuaren aldekoek.

Gaurregun, pribatuan jarraitzen du Urolako ikastola osoak.

Hala ere, beren ikastola sortu nahi dute pribatuaren aldekoek Federazioa lagun, besteei publikorako bidea eragotzi arren.

Eta beren ikastola eraikitzen hasi dira Hezkuntza Sailaren baimenik gabe, agiriko eta ofizialik gabe behintzat.

Legez kanpoko ikastetxe bat antolatzen ari dira, beraz.

Behar dituzten diru-laguntza eta baimen guztiak izango dituztela uste baitute ikastetxea martxan jarritakoan.

Aurreak erakusten baitu atzea nola dantzatu.

Baina euskararen irakaspena ziurtatzeko beste aukerarik ez zegoen lekuetan baimendu izan dira legez kanpo eraikitako ikastetxeak.

Azpeitian, berriz, euskaraz eskolatzeko aukera faltarik ez da.

Bestalde, iaz baino 163 gela gutxiago daude aurten Eusko Autonomi Elkartean, umeak urritu direlako.

Urola aldean ere bada itxitakorik eta huts antzean dabilenik.

Zer premiarekin nahi da ikastetxe berri bat eraiki?

Lehengoak ume gehiegirekin dabiltzalako? Ez.

Euskaraz irakasten dutenak falta direlako? Ezta.

Bi aitzaki erabili ohi dira: elkarrekin ezinbizia eta hezkuntz egitasmo desberdina.

Zer-nolako hezkuntza eman behar duen ikastetxe bakoitzak parlamentuak eta gobernuak erabakia daukate, ehunetik laurogeita hamarrean.

Irakasleen ardurak eta elkartasunak edo ganoragabekeriak eta ezinkonponduak sortzen du eskolen arteko alderik haundiena, gaurregun.

Olio arraultza batetik bestera dagoen alderik ere ez dago hezkuntz egitasmoen artean.

Azpeitiko ikastola ongi ari zen lanean, emaitza onak eskainiz, gainera.

Eta ez da izan beste motako hezkuntz egitasmorik eskatu duenik.

Kontu hori orain asmatu da.

Lehen ez zen ezinkonpondurik ere.

Mundu guztitik beren eskola sortu nahi dutenek apropos sortu dute ezinkonpondua.

Nahi duenak nahi duen eskola sortzeko eskubiderik ez diogu inori ukatuko, jakina.

Baina norbere gutiziak eta setak sortutako liskarrak denon diruaz konpondu nahi izatea ez da bidezkoa.

Apropos sortu da liskarra Azpeitian, Federazioak eta beste norbaitzuek kosta-ahala-kosta beren ikastola pribatua nahi zutelako.

Orain zer? Beste Ave Maria bat bakea egiteko?